Joerak: IoB edo Portaeraren Interneta

25/02/2021 76

IoT (Internet of Things) edo gauzen Interneta teknologia esponentzialtzat hartzen da. Teknologia esponentzialek denbora laburrean prezioa eta konplexutasuna murrizten dute, aldi berean, haien potentziala modu esponentzialean handitzen dutelarik. Teknologia hori sektore askotan aplikatzen da, eta orain arte ezagutzen genituen negozio-prozesuen funtzionamendua hobetzen laguntzen du.

IoT kontzeptuak indarra hartu du duela gutxi, bai produktuak eta zerbitzuak sortzeko konektibitateak duen garrantziagatik, bai bezeroen eta kontsumitzaileen gogobetetasunagatik. IoT mundu fisikotik mundu digitalerako bilakaera gisa sortu da Interneten aroan. Gailu fisiko bakoitza gailu digital gisa adieraz dezakegu, bai tenperatura sentsore oinarrizkoenak, mugikorrak edo “wearables” izeneko edozein gailuak ere.

Termino hori oso garrantzitsua da fabrikazio-industrian edo 4.0 industrian. 2011n sortutako terminoa da, eta fabrika adimendun bat jarri nahi du martxan, horrek dakarren guztiarekin. Fabrikazio-prozesuak digitalizatzean eta horien guztien ikuspegi informatizatua izatean datza.

IoT teknologia erabiltzen ari den beste adibide bat hiri adimendunetan (Smart Cities) da. Gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren aldetik jasangarriak diren hiriak izateko helburuarekin, eskuragarri dauden datu guztiak jasotzen dira sentsoreen bidez, eta IoT funtsezko elementua izanik, modu eraginkorragoan kudea daitezke hiri horiek. IoTrekin lotutako azken joeretako bat IoB edo Internet of Behavior da.

Baina zer da IoB? Erabiltzaileen portaera, lehentasunak eta interesak ulertzeko balio garrantzitsua ematen duten datuak biltzeaz ari da. Pertsonak ardatz dituen hazten ari den teknologia handienetako bat dela aipatzen du Gartnerrek, erabiltzaile-esperientziarekin eta pribatutasunaren hobekuntzarekin batera.

Adibidez, autoan abiadura neurtzeko edo balazta zenbat aldiz zapaltzen den neurtzeko gailuak eramatea, aseguru-prima merkeagoak lortzearen truke. Azken batean, IoB erabiltzaileen aztarna digitala biltzeko eta ezagutza hori enpresen eta kontsumitzaileen onurarako erabiltzeko pentsatuta dago. Europan, betearazpenaren irismena DBEOren (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra) araberakoa izango da.

Askok diote IoB teknologia 2012an hasi zela erabiltzen, Gothe Nyman psikologia-irakasleak erabiltzaileek IoTrekin elkarreragiten dutenean haien portaerari buruzko datu zehatzagoak lortzeko aukera deskribatu zuenean. Hori, egia esan, ez da berria, IoT gailuetatik ez zetozen datuekin jada egiten baitzen, baina orain informazioaren azterketa erabiltzailearen esperientziara bideratzen da askoz gehiago.

Telefono mugikor soil baten bidez pertsona baten mugimenduak edo kokapen geografikoa antzeman daitezke, eta berdin gertatzen da etxeko ahots-gailuekin, segurtasun-kamerekin, garbiketa-robot automatikoekin eta etxebizitzako alarmekin.

IoT teknologiak mundu fisikotik mundu digitalerako bilakaera gisa sortu da Interneten aroan.

IoBek gainera onurak dakartza erabiltzaileek produktuekin nola elkarreragiten duten hobeto ulertzeko, erosketa-patroien ezagutza handiagoa lortzeko, denbora errealean laguntza emateko eta bezeroekin komunikatzeko lehen ezinezkoa zen moduan.

Laburrean, IoT gailuek emandako informazio gehigarriarekin, konpainiek bezeroen erabakiei aurrea hartu ahal izango diete. Gaur egun, IoB askoz gehiago erabiltzen da B2B negozioetarako (Business To Business), baina etxeetan IoT gailuak gero eta gehiago erabiltzen dira, edozein motatako sentsoreak eta ahots laguntzaileak, eta horrek ekintza-eremua asko zabaltzen du.

Hala ere, ezin dugu ahaztu IoB teknologiak, ia edozein teknologiak bezala, bere arriskuak ere izan ditzakela, hala nola datu sentikorren filtrazioa edo segurtasun-arrisku gehigarriak. Zibersegurtasunari dagokionez, gailu-kopuruaren hazkunde handiarekin eta horien arteko interkonexioarekin, hacker-ei aukera handiagoa ematen die.

Demagun etxe adimendun bat, non garajeko atea igotzean etxeko alarma automatikoki desaktibatzen den. Hau etxearen jabearentzat oso egokia da, baina zibersegurtasunaren ikuspuntutik nahi ez den sarbidea izan liteke. Beti bezala, teknologia berriak erabiltzeak pertsonen egunerokotasuna errazten du, beren lanean edo bizitza pertsonalean, baina lortutako abantailen eta arriskuen artean beti egon behar du oreka egokia.

Gaur egun, bilioika IoT gailu daude elkarrekin konektatuta, 2025ean 75 bilioi izatea espero da, Ciscoren arabera, eta horrek gaitasun eta erronka berriak ekarriko dizkigu. Paco Breek esan bezala:

Teknologia esponentzialen boterearekin konbinatutako giza trebetasunak erronka global handiak konpontzeko formula izan daiteke.